Joko ekintza


   Badakigu pasakan aritzen den talde bakoitza bikote batek osatzen duela eta  bikote horretan jokalari nagusia eta honen laguntzailea bereizten direla. Gehienetan bata bestearen atzean jokatzen dute eta hortik jokalarien artean atzelari eta aurrelari bezala bereiztea hurrenez urren.
   Sakea aurrelariak (1) egin ohi du sakeko marra erdiko saretik nahiko hurbil dagoelako eta taulatik nahiko hurbil, pilota teilatura hobeto bideratzeko. Bere kidea (2) atzean kokatuta egongo da kantxaren erdian. Behin sakea eginda, sakeko eremuko aurrelaria erdiko sarera hurbiltzen da.
   Errestoan dagoen taldeko atzelaria (3) sakeko gunearen barruan kokatuko da errestoa egiteko eta aurrelaria (4), berriz, erdiko saretik hurbil.
Jokalariak sakean hartzen duten kokapena

   Behin sakea eginda aurrelari biak saretik oso gertu jokatzen dute tantoak airez amaitzeko asmoz eta beti teilatutik hurbil, honen azpiko sarea babesteko asmoz, aurkariek honi emanda tanto zuzena lortzen baitute. Jokalari hauek ez dute teilatuko aldea uzten tantoa amaitzeko ez bada.
   Aurrelariak jotzeak tantoa suposatzen du ia beti pilota suabe jo eta gutxi botatzen duenez tantoa egitea erreza delako, eta horregatik atzelarien artean garatzen da ia joko guztia. Hauek, errestotik hasita pilota loratu asko jokatzen dituzte, beste taldeko aurrelaria gainditzeko asmoz, baina dauden eremuaren arabera norabide ezberdina emanez.
Jokalariak errestoan hartzen duten kokapena
   Esan beharra dago sakeak ez duela abantaila nabaririk suposatzen jokoan, baina alde batean edo bestean egotea oso ezberdina dela, batez ere atzelarientzako. Sakeko eremuan dagoen atzelariak bere atzean duen teilatupeko sarea babestu behar du baina baditu beste aldean xiloa eta frailea, lehenengoari emateak tanto zuzena suposatu eta besteak pilotaren norabidea aldatzen duena, eta beraz, kontrako atzelariari problemak ekarriko dizkiotenak. Beraz sakeko eremuan jokatzen denean atzelariak xilotik eta frailetik gertu bidaltzen ditu pilota gehienak beste aldeko atzelaria han finkatzeko. Honek, berriz, sakeko eremuan dagoen atzelariaren lana zailtzeko asmoarekin pilotak erreboteko teilatupeko sarera bideratzen saiatzen da, atzelaria airez sartzera behartzeko eta horrela honek bizitasun gutxiago emateko pilotari.
   Bi aldeetan atzelariak oso zuhur ibili behar du pilota nora doan jakin eta horrek ze problema ekar ahal dizkion ikusteko. Horretarako etengabeko komunikazioan daude bikote bakoitzeko bi jokalariak pilota nora doan eta nork emango dion zehazteko: “airez!”,”errebot!” (pilota botea eman eta atzean duten hormaren kontra emango duenean), “pareta!” (lehenengo pareta ukitu eta gero botea emango duenean), “gainera!” (pilota teilatuan emango duenean) … esanez.
   Aukera dagoenean xirrist egiten dute pilotaren abiadura bizkortzeko eta hobeto bideratzeko baina badira jokaldiak non kolpatzea erabakitzen duten xirrist egiteko denborarik ez dutelako, zailagoa baita mugimendua garatzea nahiz eta behin garatuta pilota hobeto bideratzen den. Normalean atzelariek xirrist egiten dute eta aurrelariek askotan eskularruaren edozein alderekin kolpatzen dute pilota arinago etortzen zaielako gainera eta denbora gutxiago dutelako.

   Beraz, aurrelariek pilota airez kolpatzen dute ia beti tantoa bukatzeko asmoz eta atzelariek hauek gainditzeko asmoz eta bai teilatupeko sarera eta bai xilora eta frailera bideratzeko asmoz xirrist egiten dute, askotan airez aurkariek bidalitako pilota eremu hauetariko batera doalako baita.

Hona emen joku oso baten bideoa: http://www.youtube.com/watch?v=wMQrq9ne1s8&feature=youtu.be